Oinarri

AMiCYF Euskadi-12 finantza-lerroak

Oinarri SGRK ETE-ei zuzendutako hamabi finantzazio-lerro ireki ditu urtebetean baino gutxiagoan

2012(e)ko martxoak 13

Oinarrik ETEak finantzatzeko hamabi lerro berri ireki ditu EAEko beste hainbeste enpresa- eta eskualde-erakunderekin. Lerro berriei esker, EAEko ehunka enpresek lehentasunezko finantzazio-lerroak izango dituzte, finantzazioa eskuratzeko hainbeste zailtasun dagoen egoera honetan. Azken hitzarmena Berokuntza eta Hozte Instalazioen Mantentzaileen Elkartearekin (AMICYF Euskadi) sinatu da.

  • Oinarrik Euskadiko Berokuntza eta Hozte Instalazioen Mantentzaileen Elkarteko (AMICYF Euskadi) enpresak finantzatzeko hitzarmena sinatu du.
  • Gainerako hitzarmenek bezala, elkarte horretako enpresek lehentasunezko finantzazio-baldintzak izatea ahalbidetuko du.
  • Orain arte sinatutako hitzarmenek ETE-en altxortegi-premia koiunturalak edo stock-ak finantzatzea ahalbidetzen dute.

 Azken urte honetan Oinarri SGRk hamabi finantzazio-lerro ireki ditu EAEko beste hainbeste enpresa- eta eskualde-erakunderekin. Hain zuzen, finantzazio berria eskuratzeko baldintzak hobetzea da ETEak eta gizarte-ekonomiako enpresak finantzatzen espezializatuta dagoen elkarrekiko berme-elkartearen merkataritza-apustua.
Finantza-lerro berriek lehentasunezko baldintzak -kostuan nahiz epean- eskaini nahi dizkiete enpresa txikienei, horiexek baitira ahulenak egoera ekonomiko zalantzakor honetan. Azken urtean sinatutako hitzarmenek garrantzi berezia dute, Oinarrik enpresa-elkarte bakoitzaren premia espezifikoei egokitu dituelako finantzazio-baldintzak.

Hartara, 2011ko martxoaz geroztik, finantza-lankidetzako hitzarmenak sinatu dira Bizkaiko Gaztedi Enpresarien Elkartearekin (AJE Bizkaia) eta Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearekin (AMPEA). Gizarte-ekonomiaren esparruan, finantzazio-lerroak sinatu dira Euskal Autonomoen Elkartearekin (AVA Euskadi) eta Nafarroako Lan Enpresen Elkartearekin (ANEL). Azken hitzarmen horri esker, enpresa-finantzazioaren Nafarroako merkatuan sartu ahal izan da elkartea.

Horietaz gain, Gipuzkoako Goierriko eta Oarsoaldeko eskualde-garapeneko agentziekin ere sinatu dira hitzarmenak. Banaketaren esparruan, Oinarrik finantzazio-lerroak sinatu ditu Gipuzkoako ostalariekin, Arabako Merkataritza eta Zerbitzu Federazioarekin eta Bilbao Dendakekin. Azkenik, industriaren esparruan, Oinarrik Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Elkartearekin (Instagi), Arabako automozioko enpresariekin (Adeada) eta, orain, Berokuntza eta Hozte Instalazioen Mantentzaileen Elkartearekin (AMICYF Euskadi) sinatu ditu hitzarmenak.

AMICYF Euskadirekin egindako hitzarmena

Hain zuzen, Oinarrik abian jarritako lerroari esker, aurrerantzean elkarte horretako kideek nabarmen hobetuko dituzte banku-finantzazioa eskuratzeko baldintzak. Horrela, AMICYF Euskadiko kideek errazagoa izango dute egokitzapen-lanak finantzatzea, altzariak, makineria eta instalazioak erostea edo ondasun higiezinak eskuratzea.

Ildo beretik, altxortegiko premia koiunturalak (zirkulatzailea), stockak edo enpresa horiek behar dituzten abal teknikoak finantzatu ahalko dituzte. Gainera, enpresa txikientzako eta autonomoentzako kreditu-kontu bereziak ere hartu dira kontuan.

Horretaz guztiaz gain, finantzazio-eragiketak egoki burutzeko eta elkarteko arduradunek egoki deritzeten prestakuntza-jardunaldiak egiteko, doako finantza-aholkularitzako zerbitzua ere jasotzen du hitzarmenak.

 

Oinarri SGR Enpresa Txiki eta Ertainak eta Gizarte Ekonomiako enpresak (Lan Sozietateak, Kooperatibak, Autonomoak, etab.) finantzatzen espezializatutako Elkarrekiko Berme Elkartea da. Estatuko bosgarren EBEa da abalen bolumenean, eta 2010ean 91,5 milioi euro formalizatu zituen eragiketa berrietan. Urte horretan, Sozietatearen arrisku bizia (indarrean dauden abalak) 298 milioi eurokoa zen.

 

guztiak irakurri